Osasuna

 
  • 60 urtetik gorako 120 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte BCBL neurozientzien ikerketarako zentroak eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak (Bizkaia) abiarazitako ekimenean.
  • Ikerlariek parte-hartzaileei banako jarraipen neurozientifikoa egingo diete, aztertzeko euskara ikasteak nola eragiten dituen zenbait aldaketa positibo euren garunetan eta gaitasun kognitiboan.
  • Ikerketa batzuen arabera elebitasunak babesa ematen du Alzheimerra bezalako gaixotasunen aurrean, eta elebitasunaren abantailak nagusi izanik, bigarren hizkuntza bat ikasten duten pertsonetara zabaltzen direla.

Ikerketa batzuen arabera hizkuntza bat baino gehiago hitz egiteak zenbait gaixotasun neurodegeneratiboren (besteak beste, Alzheimerra) aurkako babesa dakarrela. Gainera, arreta fokalizatzen eta distrazioak alde batera uzten ere laguntzen du, eta horrekin batera, hainbat gaitasun kognitibo hobetu ere egiten dira. Elebidunek abantaila horiek azaltzen dituzte, bigarren hizkuntza hori helduak izanik ikasi badute ere.
Gertaera horiek abiapuntu hartuta, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak (Bizkaiko Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio udalerriak barne hartzen ditu) eta Donostian dagoen Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak hitzarmen bat sinatu dute gaur, GARUNA proiektuari hasiera emateko. Proiektu horrek helburu sozio-sanitarioak, hezkuntzakoak eta zientifikoak ditu: euskara irakastea 60 urtetik gorako eta gaztelaniaz besterik hitz egiten ez duten Txorierriko herritarrei. Bitartean, BCBLko ikerlariek banako jarraipena egingo dute, parte-hartzaileen garunen osasun-egoera orokorra zein hobekuntza progresiboa baloratu ahal izateko.
Horrela, parte-hartzaileek euren inguruan erabil dezaketen hizkuntza berria ikasten duten bitartean, helburu zientifiko bat betetzen ere lagunduko dute, hain zuzen ere, hobeto ulertu ahal izateko garuna eta gaitasun kognitiboak nola hobetzen diren ikaskuntza-prozesu horri esker. Proiektuaren bidez, elebitasunari eta horrek garunean dituen ondorioei buruzko azken ezagutzak praktikan jartzeaz gain, datu gehigarriak ere lortuko dira, neurozientzialariek gehiago sakon dezaten elebitasunaren, zahartzaroaren eta gaixotasun degeneratiboen artean dagoen loturaren inguruan.
GARUNA proiektuan hainbat zientzialarik (elebitasunean adituak) parte hartuko dute; besteak beste, Jon Andoni Duñabeitiak (proiektuko ikerlari nagusia), Manuel Carreirasek (BCBLko zuzendaria) eta Itziar Lakak (Euskal Herriko Unibertsitatekoa).

Parte hartzea
Proiektua hasiera batean ikasturte osora zabal da eta urrian hasiko da. Izena emateko, Txorierriko Mankomunitatera edo inguruko udalerrietako edozein udaletara jo besterik ez da egin behar. Eskolak Derioko Helduen Hezkuntzako Ikastetxean (Eusko Jaurlaritzaren menpe dago) emango dira eta hezkuntza arloan adin handiko biztanleei eskolak ematen eskarmentu handia duten profesionalek emango dituzte, komunikazioan eta ikaskuntza naturalistan oinarrituta.
Proiektuaren xedea da gaitasun kognitiboak eta garunaren Osasuna hobetzea, heldutasunean euskara ikasiz. Hori dela eta, ikastaroak doakoak izango dira eta helburua izango da parte-hartzaileek hizkuntza bat erraz ikastea, parte hartzen duen taldearen adinari egokituta.
Euskara ikasteko aukeraz gain, parte-hartzaileek zientzia-ezagutzarako lagungarri izango dira, proba erraz batzuen bidez. Proba horiek Txorierrin zein BCBLren instalazioetan egingo dira. Datuak eskuratu ondoren, hizkuntza berri bat bereganatzen duten heinean, elebakarren garunetan dauden aldaketa progresiboak egiaztatutako dituzte ikerlariek.
Jon Andoni Duñabeitia GARUNA proiektuko ikerlari nagusiak honako hau nabarmendu du: “arlo honen gainean eginiko ikerketa gehienetatik ondorioztatzen da garun elebidun eta elebakarren arteko ezberdintasunak nabarmenak direla; izan ere, arlo kognitiboko ezberdintasunak zahartzaroan ager daitezke nabarmenago, bi hizkuntzak luzaroan erabiltzearen ondorioz”.
Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko buru Lander Aiarza Zallok honako hau esan du: “proiektua bereziki interesgarria iruditu zaigu; batetik, berria delako, eta bestalde, 60 urtetik gorako biztanleei zuzenduta dagoelako. Gure kasuan, gainera, biztanle guztien laurdena osatzen du adin-tarte horren taldeak. Biztanleria-sektore hori bereziki gustatzen zaigu zaintzea, eta onura handiak izango dituzte, gainera, proiektuan parte hartzeagatik. Osasun neurologikoan abantailak ekartzeaz gain, beste zenbait onura ere ekar ditzake ikastaroetara etortzeak: bizitza sozial aktiboagoa eta luzaroan iraun dezaketen harreman sozialak eta loturak sortzea parte-hartzaileen artean.”
Nazioartean duela gutxi eginiko zenbait ikerketek iradokitzen dute elebidunek nabarmen beranduago agertzen dituztela gaixotasun neurodegeneratiboen (esate baterako, narriadura kognitibo arina eta Alzheimer gaixotasuna) lehen sintomak, pertsona elebakarrek baino, eta ezberdintasun hori 4-5 urtetik hurbil dagoen kopuruan kuantifika daiteke.

Hizkuntzak ikastea hirugarren adinean
Neurozientzia kognitiboaren arloan, elebitasunak garunean duen eraginari buruz gauzatutako ikerketa gehienek iradokitzen dute garun elebidunen eta elebakarren arteko alde nagusiak bi hizkuntza erabiltzeak arretan dakarren ahalegin handiaren ondorio direla. Horrek, azkenik, arreta kudeatzen duten garuneko zenbait arlo ezberdin garatzea ahalbidetzen du.
Hori dela eta, pentsa daiteke hirugarren adinean bigarren hizkuntza bat ikasteko programa batek ondorio zuzena izango duela parte-hartzaileen komunikatzeko gaitasunetan, erreserba kognitibo handiagoa emango baitie.

BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) diziplina-arteko ikerketen nazioarteko zentroa da, kognizioa, garuna eta hizkuntza ikertzen dituena. Donostian du egoitza eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du. Bada, xedea da Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzea. Zentroa BERCren (Basque Excellence Research Center) baitan dago, eta bazkide ditu Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateari buruz
Mankomunitatea 1989an sortu zen, mankomunitate gisa udal-zerbitzuak emateko asmoz, eta baliabide ekonomikoak, materialak eta pertsonalak aurrezteko, herritarrei kalitateko zerbitzuak eskaintze aldera. Mankomunitatea osatzen dute Derio, Lezama, Larrabetzu, Loiu, Sondika eta Zamudio udalerriek, eta gaur egun 20.645 biztanle ditu. Arlo hauetan ematen ditu zerbitzuak, besteak bestea: Gizarte Zerbitzuak, Esku-hartze Komunitarioa, Gazteria, Berdintasuna, Euskara, Hondakinen bilketa eta tratamendua, eta Argiteria publikoa.