Albisteak

 

Osakidetzak, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak eta Txorierriko Mankomunitateko Esku-hartze Komunitarioko Zerbitzuak elkarlanean dihardute, gaixotasun kronikoren bat duten pertsonen jarduera fisikoa sustatzeko programa batean, haien osasuna hobetze aldera.

Mugiment Txorierri du izena martxan jarritako egitasmo pilotu honek, eta Eusko Jaurlaritzako MUGIMENT proiektuaren esparruan eta Osasun Sailaren eta Osakidetzaren kirol-errezetaren programaren esparruan kokatu da. Bertan parte hartuko dute Txorierriko Mankomunitatea osatzen duten udalerri guztiek (Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio), eta, horren bidez, pazienteei jarduera fisikoa aginduko zaie, patologien eta adinaren arabera; ondoren, kirol-eragileek pazientearen arabera egokituko dute programa, udalerri bakoitzean eskaintzen diren jarduerak kontuan hartuta.

Hala, Osakidetzako Uribe ESIko kide diren mankomunitateko udalerrietako osasun-zentroetako 12 familia-medikuk 12 paziente hautatuko dituzte (bakoitzak 12) otsailean, era progresiboan (55 urtetik gorako emakumeen eta 45 urtetik gorako gizonen artean), eta horiei osasun-balorazio osoa egingo diete.Lehen mailako arretako medikuek Mugikon jarduera fisikoko eta osasuneko espezialistengana bidaliko dituzte paziente horiek, baldin eta gaixotasun kardiobaskularrei (hipertentsioa, kolesterola, odoleko gehiegizko glukosa edo obesitatea) lotutako gutxienez bi arrisku-faktore atzeman badizkiete. Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du Mugikon. Azkenik, Mugikoneko espezialistak arduratuko dira paziente bakoitzari egokitutako jarduera-plana osatzeaz.

Jarduera-planak ariketa fisikoak eta bizimodu osasungarri baterako errutinak jasoko ditu, eta horiek berariaz prestatuko dira, jarduera fisikoa sustatzeko, paziente bakoitzaren eta bere gaitasun fisikoaren arabera.

Mugiment Txorierri proiektua abiarazi ostean, jarduera fisikoko eta osasuneko espezialistek dagokien osasun-zentrora bidaliko dituzte pazienteak, han beste osasun-balorazio bat egin diezaieten eta, hala, jarduera-plana amaitzean lortutako onurak balioetsi ahal izateko; plana maiatz amaiera aldera amaitzekoa da.

Pazienteek, beren familia-medikuek lagunduta eta lortutako emaitzen arabera, bizimodu osasungarri baterako ohitura-plan bat osatuko dute. Plan horren asmoa da ikasitakoa eta hartutako ohiturak gero ez galtzea, lortutako emaitzak ohiko bihurtzeko eta horiei gerora ere eusteko.

Kirol eragileen lekuak eta ordutegia (PDF 289KB)

"Los centros de salud de Txorierri prescribirán actividad física" (Deian argitaratutako albistea - 2015/02/10)