Albisteak

 

Do you speak english?

Ingeles apur bat hitz egiten duzu?, ez zara ondo moldatzen?, praktikatu nahi duzu?

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatetik zure hitz-jarioa hobetzeko aukera ematen dizugu, eta ingelesez hitz egitera animatzen zaitugu. Ez ingelesa ikasteko, dakizuna praktikatzeko baizik.

Txorierriko gazte bat bazara, 15 urtetik 29 urtera bitartekoa, zure ingeles maila hobe dezazun tailer ezin hobea dugu: English Speaking Time. Gurekin zure ahozkoa hobetuko duzu.

Urriaren 1etik abenduaren 17ra bitartean, 15 gaztek osatutako talde bat eta dinamizatzaile bat batuko gara eguaztenetan, Derioko Kultur Birikan. Ohiko egoeretan besteekin ingelesez komunikatzeko gai bazara, askoz hobeto pasatuko duzu atzerrian oporretan zaudenean: ez zara galduko, lagun interesgarriak ezagutuko dituzu, erosketak egiteko lagungarri izango duzu, besteekin harremanetan jartzeko... Gainera, balio erantsia da lana topatzeko, enpresek asko baloratzen du telako beren langileek ingelesez egitea

English Speaking Time tailerra doakoa da, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz laguntzen baitu, Gaztedi Txorierri hitzarmenaren haritik. Beraz, azkar ibili eta izena eman lekua amaitu baino lehen! Izena emateko azken eguna irailaren 26a izango da eta hura Derioko Gazte Bulegoan egin behar da. Bulegoan bertan edo hemen (PDF 53KB) topatuko duzun eskaria bete behar da horretarako. Informazio gehiago nahi baduzu, tailerraren arduradunarekin jarri ahal zara harremanetan telefono honetan: 688 629 965. Lekuak irailaren 28an zozketatuko dira, 11:00etan, Txorierriko Mankomunitatean.

Bestalde, gogoan izan ikastaroa amaitzen duzunean zure atzerrirako bidaia Derioko Kultur Birikako Bidaiatekan antolatu ahal duzula, edota Gazte Bulegoan beherapenak izateko gazteentzako txartelak eskatu. Ez izan ingelesez hitz egitearen beldur eta gurekin etorri praktikatzera!

Kartela (PDF 323KB)